XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez dot uste larregikeriarik esan neuntsonik komisari arraiari.

Espedientea eskuratu badozu, han ikusi zeinke, dinotsudanaren argigarri.

Izan be, Zubieta Urigueneko bazterreko barri komisariari emon eutsonak jakingo eban gainerakoa be.

Hor, neure ustez, auzia herriko plazatik zokondo batera baztertu gurea dagola bakarrik, herri auzia dana ijito auzi-edo biurtu gurarik.

Neuretzako lotsagarri da politikoen espetxean egon beharrez, hemen preso arruntenean egotea, baina gogotik jasan daiket herriko auzia argitzekotan.

Beraz Zubieta herri mugako bazter haretik Eleizaldera jasoko dogu auzia.

Eleizalden, han dago Udaletxea, han Eleizea.

Eskolak be han ziran lehenago, orain dagozan erauskinak lekuko.

Han taberna biren artean eta herriko plazan egosten da lapikoa.

Polizi arraiak beste zigarro bat iziotu eban lehenengoa ahitu jakonean, neuri be eskeini egin eustan ¿fumas? inostala, no, gracias erantzun neuntsan.

- Entonces quién de vosotros prendió fuego a la susodicha moto una vez que la tiraron al barranco Zigarro kearen atsegina hartu eban komisari arraiak.

Halako itaunak harritu be egiten ninduela esan neuntson.

Hori zezenari adarretatik oratzea barik auziari buztanetik, inoren buztanetik hatan be, oratzea zan.

Eskerrak ez nintzala erretzaile gertatu eta hagaitik ez neuntsola onartu zigarrorik polizi zuhurrari, bestela arrazoibide bat gehiago leukaken ziur neure kontra.

Erretzaile? Beraz pospolodun eta bardin moto-erretzaile.